Eskerrak jauzi madarikatuari
Irakaslea eta idazlea izatearen arrazoia zein den galdetuko balidate ez nuke erantzun bakarra aurkituko. Baina atzera egiteko botoia sakatuz gero, pelikula nire bizitzako pasarte jakin batean geldituko nuke, bi zaletasun horiek batzen dituelako. Ezin esan, beraz, une horretan erabakia hartu nuenik, nahiz eta une horretan haziren bat landatzen hasi zela uste dudan.
Oroimenak pasa den mendeko laurogeigarren hamarkadara narama eta nire burua eskolako patioan ikusten dut, soinketa saioan. Luzera jauzia egin behar genuen hantxe bertan, harriaren gainean, eta irakasleak nire izena aipatu zuen.
-Elizetxea, salto egitera!
Nik, noski, jaramon egin nion eta korrika hasi nintzen saltoa egin arte. Gogoratzen dudan hurrengo kontua min izugarria da eta hurrengoa kirofanoa. Txorkatila txikitua nuen eta ebakuntza egin behar zidaten. Anestesistak futbolaz hitz egin zidan lo gozoa har nezan eta begiak berriz zabaldu nituenean ospitaleko gela batean nintzen. Ohean etzanda nengoela senideak ikusi nituen, lagunen bat etorri zen ni ikustera, bizilagunen bat akaso... Dena den, benetan gogoratzen dudan bisita nire tutorearena izan zen. Lehenengo aldiz ikusi nuen eskolatik kanpo eta lehenengo aldiz ez nuen irakasle bat ikusi, emakume bat baizik.
-Zer moduz zaude? -galdetu zidan, gozotasunez.
-Hobeto.
-Gauzatxo bat ekarri dizut.
Orduan, besoan zintzilik zeraman poltsatik opari bat atera eta eman zidan. Nik irrikaz ireki eta liburu baten azala ikusi nuen: Robinson Crusoe.
-Ea gustukoa duzun eta ea laster gelan ikusten zaitugun.
Nik ez nuen ezer esan, ziurrenik hura ez zen esku artean nuen lehen liburua, baina nire tutorearen bisita eta oparia ez ditut sekula ahaztu. Harez geroztik, nik gelan egunero ikusten nuen emakumea ez zen irakasle hutsa izan; arbelean ariketak idazten zituen hura askoz gehiago izan zen niretzat ospitaleko gela txuri hartara azaldu zen egunetik.
Bederatzi urte nituen eta ikasturte hartan eskolan inoiz lortu ditudan notarik onenak atera nituen.

Eta hori dena heziketa fisikoko saio batean lesionatu ondoren... Aupa soinketa eta aupa ZU! gertakizun txar batetik hain esperientzia ona ateratzeagatik.
ResponderEliminar