viernes, 21 de febrero de 2014

Duintasunaren garrasia
Duela urte batzuk Europako ekialdetik Donostiara iritsi zen bizimodu duina bilatu nahian. Gogor ahalegindu ondoren, pixkanaka dirua irabazten hasi zen. Hainbat etxe garbitzeari ekin zion eta gaur egun ere horretan dihardu. Tarteka, aukerarik izanez gero, gaixo edo agureren bat ere zaindu izan du. Emakume zintzo, xume, arduratsu eta adoretsua da. Atsegina ere bai; irribarretsu, beti familiaz, haurrez batez ere, galdetzen du. Berarekin hitz egin nuen azken aldian pozarren zegoen. Hona heldu zenetik egindako ahaleginari esker Donostiako auzo on batean semearekin konpartituko duen pisu txukuna alokairuan hartu berria zuen, eta aurten bi aldiz amona izango da... Gaur berriz hitz egin dut berarekin eta zer moduz zegoen galdetu diodanean ez dit betiko irribarrea eskaini. "Nire herrialdea oso gaizki dago", esan dit. Eta lotsa nahiz amorrua sentitzen ari zela iruditu zait. Kieveko plazan duintasuna defendatzen ari direnak aipatu ditu, baita presidentearen gehiegikeriak ere. Ukrainatik etorritako emakume langile hau gurean tajuzko bizitza eraikitzen ari da, hain justu bere herrialdea amiltzen ari den unean; eta berebiziko esfortzua egiten ari da berak agertzen duen ereduan ukrainarrak benetan nolakoak diren ikus dezagun.
     

No hay comentarios:

Publicar un comentario